Martxoaren 21ean, Poesiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta, omenaldia egiteko, zer hobe irakurtzea eta partekatzea baino.
Haserre egon nahi nuke bihotza betean
oraindikan gaztea naizen bitartean
nik sinisten ditudan egia trebeak
biribilka daitezen erdiko kalean.
Ez dakit gauza askorik, ez nago seguru
bizitzeko baditut oraindik bost ordu
hiru pasa nituen bideak bilatzen
eta beste hainbeste lehengoak urratzen.
Nondik nora nihoan ez da gauza argia
baina haserre nago, hori da egia
eta egon nahi nuke
bihotza betean
begiak betean
eskuak betean
oraindikan gaztea naizen bitartean.
Xabier Lete
————————-
Zure presentzia
Bizitzako gaueko hamabietan
zeure presentzia zeure
ausentzia-
tik datorkidala sentitzen dudanean,
edaten zaitudanean usaina malkoen ondora oheratzetik
datorkidala sentitzen dudanean
ez zait nahikoa
ez zait nahikoa eta
zeure eskuak eskatzen ditut
ene, neure larrien artean,
ez zait nahikoa eta
zeure eskuak behar ditut
larrion lehertzeraino.
Bizitzako gaueko hamabietan
geure
bertsoa besarkatzerakoan
zeure ausentzia des-
egin nahi nuke
desegin nahi nuke
eta ez dakit nola
ez dakit nola eta
ilargia kareziatzen dut
falta zaizkidan eskuz,
ilargia kareziatzen dut
bizitzak gauean duen aterpean,
gaueko ordu guztietan
zure presentzia
zeure
ausentziari
balerio bezala
Tere Irastortza
————————-
Kalatxoriak
Beren maitasunak errepasatzeko,
hiriko kalatxoriak
arratsero biltzen dira estazio aurrean;
Beren memoria liburuan
sandalo lore batez seinalatzen da
zubien eta
lapur zahartuen orrialdea.
Eta on derizkiete
teilatu pitzatuei ere,
merkatu alboko hondakinei;
Baina beren ekilibrista bihotzek
zer maite dezakete
gehien gehien;
Zer,
egunen mudapen
amaiezina ezpada;
Zer,
egunen mudapen
infinitoa baino gehiago.
Bernardo Atxaga
————————-
Preso egon denaren gogoa
Preso egon denaren gogoa
gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da,
eta poliziek, identifikatu ez arren,
beste inori baino gehiago
begiratzen diote, bere pausua
sosegatua ez delako
edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
betirako kondenatu bat dago.
Joseba Sarrionandia
Irudia: Hannibal Height – Pixabay