Uxue Emebi
Irakurketa

Umeak eta irakurketa

Irakurtzeak hainbat onura dakarzkio haurren garapenari, eta funtsezkoa da zaletasuna txikitatik elikatzea. Ez dugu zeregin hori alde batera eta ikastetxearen esku utzi behar; aitzitik, etxetik lagundu behar dugu.

Lehen urratsa oso erraza da: guk haiei irakurtzea. Horrela, liburu baten orrialdeen artean abenturazko eta dibertsiozko mundu bat dagoela konturatuko dira, eta liburuekiko jakin-mina piztuko zaie. Lo egin aurreko ipuin batek, adibidez, irakurketarekiko maitasuna ez ezik, gure txikiekin lotura ere sustatuko du, eta erlaxatzen eta lo hartzen lagunduko die. Gainera, jarraibide erraz batzuk jarraitzen baditugu, ahalik eta etekinik handiena aterako diogu ipuinaren orduan. Adibidez: utzi umeari liburua aukeratzen (nahiz eta beti berdina aukeratu), bere adinerako aproposak direnen artean; umearen mailan jarri, bere erreakzioak ikusteko; tonua aldatu eta pausak sartu; eta bururatzen zaigun guztia interesa eta interakzioa sortzeko.

Beste puntu garrantzitsu bat, gauza guztietan bezala, eredua ematea da: guk ere irakurtzea. Badakigu haurrek imitazioz ikasten dutela. Sarritan liburu bat eskuetan dugula ikusten bagaituzte, baliteke orriak pasatzen ikastea mugikorreko argazkiak baino lehenago. (Utopia?). Litekeena da, baita ere, txikitan nahiago izatea gure liburuarekin jolasten nahiago izatea guri irakurtzen uztea baino, baina merezi izango du sentituko dugun pozagatik, nagusiagoak direnean eta edozein istoriotako orrien artean ikusten ditugunean.

Irakurtzen ikasten dutenean, irakurtzeko zaletasuna zehazten joango zaie; zorionez, gaur egun haur eta gazte literaturaren eskaintza zabala da, bai mota aldetik, bai genero aldetik: narratiboa, ilustratua, komikia, misterioa, fantasia, autoestimua, hazkunde pertsonala, umorea… Aukera ematen badiegu, ziur aurkituko dutela bereganatzen dituen zerbait.

Nolanahi ere, ezinbestekoa da irakurzaletasuna haur bakoitzarentzat atsegina eta egokia den moduan sustatzea. Inoiz ez dira irakurtzera behartu behar, Jorge Luis Borgesek esan zuen bezala: “Irakurri aditzak, maitatu aditzak eta amets egin aditzak bezala, ez du agintera modua jasaten”.

Eta zuek? Umeetan hasi zineten irakurtzen ala irakurzaletasuna geroago sortu zitzaizuen?

Sarrera honen bertsio labur bat Goienan argitaratu zen: Umeak eta irakurketa – – Goiena.eus

Irudia: Silviu Costin Iancu – Pixabay 

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s